Egun on deiskula Anbotoko damak!
Gibelurdinek proiektu autogestionatuak, SUA filmeko soinu banda egin ostean, 22 kantako disko-liburua aurkeztuko du Durangoko Azokako Ahotsenean, abenduaren 8an 12:30ean.
Lau kale musikari gara, ez lau katu, eta Azokako kultur gonbidatua den ijito herria bezain nomadak. Kale dor Kayiko elkartearen esku utzi dugu Erromintxela kanta, euskal ijitoen negar eta irriak lau haizetara zabal ditzan.
Europako lau muturretako herri-musika jotzen dugu, Balkanetatik Finlandiara eta Okzitaniatik Irlandara, euskal musika herrikoiaren koloretik ulertuta. Mundu osoko dantzalekuetan musika berbera entzuten da, lekuan lekukoa entzutea zail bihurtzeraino. Geuk, gure nortasunaren eta aniztasun kulturalaren defentsan herri-musika aldarrikatzen dugu.
Naturak eskaini eta gure arbaso artisauek sortutako egurrezko musika tresnak jotzen ditugu: alboka, trikitixa, biolina, gitarra, euskal txirula, egurrezko bonbo artisaua….
Atzo, gaur eta biharko historia eta istorioak kontatzen ditugu: Asturiaseko meatzariak, Ziburuko itsasgizonen emazteak, Nazio Askapen borrokak, Hartzaren dantza, Galwayko Hiru koroadun erregea, Barakaldoko txikiteroak, sexu jolasak, Moskuko alardea…..dira gure kanten mintzagai.
Gure proiektuaren berri zehatza izateko ikusi gure webgunea: www.gibelurdinek.eu.
Lehen kontzertua udaberriko ekinozioan emango dugu. Eta Landako aretoko GITE-IPESen saltokian eta Durangoko Azoka Alternatiboan eskuragarri egongo da disko-liburua.